top of page

ALBISTEAK

EUSKALTZAINDIAREN ADIERAZPENA 

Euskara batuaren adierazpena Arantzazutik mundu zabalera

​

Euskaltzaindiaren sorreratik ehun urte eta Arantzazuko Biltzarretik berrogeita hamar igaro direnean, Euskaltzaindiak honako adierazpen hau aurkeztu nahi dio euskal gizarteari, euskara batuaren inguruan eragile publiko zein pribatuek berresteko eta azpimarratzeko euskara batuaren garrantzia eta, horrekin batera, orain arteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak.

Hartara,

1.- Euskaltzaindiak berresten ditu bere sorrera bultzatu zuten printzipioak eta, aldi berean, euskara batuaren jatorrian daudenak. Euskaltzaindi sortu berri hura lehen ordutik hasi zen batasunaz arduratzen. Aurretik, idazleek ere euskaldunen arteko euskara bateratuaren beharra sumatua zuten eta nor bere neurrian eta moldean erantzuna ematen saiatua zen.

Euskaltzaindiaren sortarauetan ageri da jada euskararen batasuna, “euskaldun guziak idatz-irakurketan erabiltzekoa”. Ondoko ibilbidean zehar, auziaren inguruan egin diren saiakera, inkesta, proposamen, txosten edo ikerketak, eta antolatu diren biltzarrak, ez dira alferrikakoak izan, nahiz eta 1968ra arte ez zuten gailurra jo, alegia, Arantzazun euskara batasunaren bidean jarri eta handik hamar urtera Bergaran berretsi arte.

2.- Euskaltzaindia partaide izan da mendearen 50eko eta 60ko hamarkadetan euskalaritzan eta euskalgintzan nagusitzen ari ziren hizkuntza planteamendu berrietan. Belaunaldi berriek euskararen biziberritzea eta batasuna ezinbestekotzat joak zeuzkaten batasunaren bidez euskara gizarte berrira egokitzeko, irakaskuntzan, hedabideetan, kulturgintzan, eta, geroago, administrazioan. Arantzazun, Bilbon, Eibarren, Baionan, Ermuan eta beste leku askotan elkarrekin lanean aritzeko eskaintzak eta proposamenak egin ziren, eta haiek baliatzen jakin zuen Euskaltzaindiak Arantzazun, eta, ondoren, euskalgintzarekin eskuz esku egin zuen bidea eta halaxe eraman gidaritza, etenik eta pitzadurarik gabe.

3.- Euskaltzaindiak aho betean aitortzen du prozesu honetan parte hartu duten hainbaten lana, norbanako, talde edo erakunde izan, horiek ahalbidetu baitute, beren ekarpenekin, euskara batua moldatzea, aniztasunaren eta adostasunaren ikuspegitik.

Aitortu ez ezik, omenaldia ere egin nahi die bidegile horiei Euskaltzaindiak, eta baieztatzen du euskara batuak, euskaldun bakoitzaren errealitate linguistiko eta kultural berezietatik abiatuta, zin-zinezko elkargune emankorra ekarri duela, euskaraz, jatorriz zein ikasbidez, ari diren guztientzat.

Harro dago Euskaltzaindia horretaz, begien bistakoa baita Euskal Herriak eta herritarrek izan dutela ibilbide ausart eta oparo horretan protagonismorik erabatekoena.

4.- Euskaltzaindiak omendu nahi ditu euskara batuaren gune hori hainbeste ilusio, lan eta nekeri esker osatu eta osotu duten guztiak. Hortxe dira, besteak beste, beraien buru euskalduna euskara batuaren bidez alfabetatu dutenak edota euskararen mundura ikasiaren bidez etorri diren hiztun berriak, abiaburu euskara batua duten euskaldunak, euskararen demografia berrian gero eta ugariago direnak, bestalde. Batzuek eta besteek euskara batua lanabes aproposa dute beren eguneroko zereginetan. Izan ere, euskara batua, lurraldean lurraldeko izateaz gainera, gizartearena ere bada, leku eta funtzio askotarikoa, hiztunen aho-mihietan eta idatzietan bizirik dagoena.

5.- Euskaltzaindiak dei egiten die belaunaldi berriei euskara batua, arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin. Guztion artean bultzatu behar dugu euskara batua, gure arteko zubia izan dadin, nork berea duen euskaratik abiatuta, baina euskaldun guztion arteko estekadurak erabat bermaturik.

6.- Euskaltzaindia kezkaturik dago azkenaldian hizkuntza estandarrari buruz nabarmendu den zenbait iritzi eta jokamolderekin.

Euskaltzaindiak uste du euskaldun oso izateko modua ekarri digula euskara batuak: euskaldunon barne-lotura, hiztun guztiok errazago elkar ulertu ahal izateko zubi-tresna, euskaldun berrien eta zaharren arteko elkargune zabala, eta, azkenik baina ez azken, euskararen beraren izena eta omena. Begirunea zor zaio horri.

7.- Euskaltzaindiak engaiamendua adierazten dio gizarteari, ez goitik beherako ezarpenaren aldetik, ezpada pedagogiaren eta konpromisoaren aldetik, ideologia politikoetatik at. Koordinazio lanaren bidez gauzatuko du euskara batuaren sustapena eta bultzada.

Koordinazio horretan ari dira Euskaltzaindia, euskalgintza, gizarte eragileak, herri-aginteak eta gainerako erakundeak, eta eginkizun horretan aintzat hartu behar dira euskara batuaren inguruko orain arteko erabakiak, euskara estandar baten nondik norakoak. Izatez, aurrerantzean ere eman beharko dira pausoak euskara batuaren alorrean euskalgintzarekin batera, hizkuntza zerbait bizia baita, etengabe aldatzen ari dena, gizarteak izan ditzakeen premiei egokitzeko asmotan. Hitz batez esateko, Euskaltzaindiak zerbitzua eman behar dio gizarteari, eta euskaldunengandik jasotzen duena euskaldunei itzuli, beraien onura eta erabilerarako.

8.- Euskara batuaren erabilera sozialari laguntza eman behar zaio, eta begien bistakoa da erabilera horri bidea erraztu behar zaiola, gaur egun gero eta zabalagoa baita euskara batuaren presentzia Euskal Herriko herrialde guztietan. Horretan ere, artez uztartu behar dira Euskaltzaindiaren betiko zereginak, alegia, euskara batuari buruzko formulazio linguistikoa eta sustatze lana, Akademiaren sortzaileek jarri zituzten Iker eta Jagon sailetan, hurrenez hurren. Historian zehar horren adibideak ugari dira Euskaltzaindiaren eginetan, eta garai hauetan ere hizkuntza politikaren eragile publiko zein pribatuekin ondu beharrekoak, eta horiekin batera jokatu behar du Euskaltzaindiak euskara batuaren aldeko hizkuntza politika sendoa egiten.

9.- Zeregin horietan Euskaltzaindia bere jarduna eraberritzen ari da, gizarte moderno baten beharrei aurre egin ahal izateko, gizarte horrek euskaran berean bilatzen baitu, hizkuntza propioa duen aldetik, nortasun eta komunikazio tresna eragingarria eta egungo bizimoduari egokitua, hartarako baliagarria dena. Zeregin horietan badira berebiziko arloak euskara batuaren hedapenerako, hala nola irakaskuntza eta herri-administrazioa, euskara ofiziala izatearekin batera. Horiek guztiek ekarri diote euskarari egoera berria eta horien bitartez egin du bidea euskarak digitalizazio mundura, ezinbestekoa da-eta ingurune digitala Euskaltzaindiaren zereginetan, euskararen estandarizazioa eta erabilera soziala xede eta helmuga baititu euskararen Akademiak.

10.- Ehun urte joanak dira Euskaltzaindi sortu berriak, euskararen bateratze-saioari ekin zionetik. Berrogeita hamar urte, berriz, Arantzazuko Biltzarra egin zenetik.

Euskara batuak, euskaldunen eginahalak tartean direla, eremu berriak irabazi ditu euskararentzat eta euskal kulturarentzat. Hala ere, oraindik badira irabazi beharrekoak.

Zeregin horretarako tresna paregabea dela erakutsi du euskara batuak, eta bere aitzinamenduan jarraitu behar dugu guztiok. Hurrengo berrogeita hamar urteetan ere bada motiborik, euskara batua indartzen saiatzeko: lanabes baliagarria da berau, aldian-aldian behar izan ditzakeen egokitzapenez hiztunen arteko hainbat jarduera errazteko eta bermatzeko: batez ere idatzizko jardunean eta mintzaera jaso-formalean erreferente argi eta noranahikoa eskuratzeko.

Hurrengo belaunaldien eskuetan jarri behar dugu ondare hori: etxetik eta lagunartetik euskaldun direnei beren hizkuntza-gaitasuna osatzeko eta aberasteko bidea emango diegu horrela, eta etxetik ez dakitenei euskaldun askoren esparrura erakartzeko aukera eskainiko. Belaunaldi berri horiei dagokie, eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea. Horixe da bidea euskarari desio diogun etorkizuna bermatzeko. Zalantzarik gabe, bermatze horretan guztiok behar dugu partaide izan eta lehen-lehenik Euskaltzaindiak.

Arantzazun, 2018ko urriaren 6an.

MUTRIKUARREN OSASUNA ZAINTZEN
Hain ondasun preziatua dugun osasunak huts egin eta arazoak sortzen direnean, halako egonezin bat sortzen da, eta askotan ez da asmatzen lehenengo urratsak ematen. Zorionez, herrian baditugu lehenengo uneetan laguntasuna emateko prest dauden lagunak, urtean zehar elkarturik lanean dabiltzanak. Batetik AFAGI elkartekoek Alzheimerrak jotako gaisoei eta beraien senideei laguntasuna ematen egiten dute lan. Noraezean  dabilenak, hortaz, badaki aurrez esperientzia beretik igarotako herkideen laguntasuna non aurkitu.
Era berean, Minbiziaren Aurkako Mutrikuko taldeak ere bere ezagutza, esperientzia eta laguntasuna eskaini nahi dizkie minbizi gaitzak hartu dituen pertsonei; nahikoa da 660 056 774 telefonora deitzea hitzordu bat egiteko. Elkarte biek irabazi asmorik gabe dihardute lanean eta gustura hartuko dituzte horren beharra dutenak. 

ERRUGBIA ERE HASI DA
Uda amaitu eta kiroletako denboraldi berria hasia da. Herriko kirol-talde gehienak osatzen ari dira eta konpetizioan ere bai. Herriko gazteek, gainera, aukera zabala dute kirol praktikarako. Mutrikuko Errugbi Taldeak jakinarazi digunez, 8 urtetik aurrerako ume mutrikuarrek aurten ere izango dute aukera errugbian jolasteko eta gozatzeko. Nahi duten gazte guztiek astearteetan 19:00-20:00 ordutegian Kiroldegian elkartuko dira eta ostegunetan 17:00-18:30 ordutegian San Migel zelaian. Aste barruko entrenamendu eta praktika saio horiez gain, beste klub batzuetako beste gazteekin topaketak ere egingo dira urtean zehar. 

UGAITZ MUGERZA TXAPELDUN AIZKORAN

​

Ugaitz Mugerza Mendizabal Gipuzkoako Lehen mailako Aizkolari txapeldun egin da Mendaron uztailaren 26an jokatutako finalean. Ugaitzek sare sozialetan adierazi duenez, kantuak dioen bezala, “zaila bada, ez da ezinezkoa”. Txapela buruan jantzita, eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie etxekoei, familiari, lagunei eta animatu duten guztiei. Eskerrak eman, baita ere, bidean laguntzaile izan dituen Egile, Urkan, Lancar eta Sagarmiña Eraikuntzak-Txakolina enpresei. Bizitzak gozo hartutako unean, bereziki Ainararekin gogoratuta, Amari eskaini dio Txapela.

UGAITZ MUGERZA 2.jpg
UGAITZ MUGERZA 1.jpg

RAFA URANGA TXAPELDUN MOTORRETAN

​

Rafa Uranga Granados Maxiclassic txapeldun egin da Nafarroako Los Arcos herriko zirkuituan izandako lasterketan hirugarren postua lortuta hartutako puntuei esker, Motorlanden izango den azken lasterketa falta dela, pilotuak berak sare sozialetan iragarri duenez. Rafak eta Suzuki GSX-R 750 motorrak bikote ezin hobea egin dute eta emaitza honek aurreko ibilbideari jarraitzeko eta etorkizunari ilusioz begiratzeko aukera emango dio. Pilotu mutrikuarrak oso gogoan izan ditu bidean laguntzaile dituen Kgmotorrak, Ecubitt, DZR, Moto Sport, Kena Errotuloak, Meccanica, ADNraceparts eta SBB serigrafia enpresei. Eta bereziki taldearen managerra den Nagore Lanbarri.

RAFA URANGA 2.jpg

MUTRIKU ARGAZKI ZAHARRAK

1991 urtean Mutrikuko Argazkizale taldeak Mutriku, Argazki Zaharrak liburua argitaratu zuen, mutrikuarrek utzitako argazkiak bilduta. Kalaputxik eta Argazki argazki horiek eskaneatu eta mutrikuar guztiei erakutsi nahi dizkie web orri honetako Argazki Zaharrak atalean. Argazkiak ikusteko, sakatu hemen: Argazki Zaharrak

ANTON URREISTI, SARIZ SARI
Mutrikuar gehienok badakigu gure herriko Anton Urreisti Altzibar pintorearen ibilbidearen berri, eta han eta hemen hainbat sari jaso izan dituela ere bai. Aurtengo udan ere ibili da aire libreko zertamenetan parte hartzen, eta hainbat sari ere irabazi ditu. Beharbada sari nabarmenena Palencian lortutako 2000 euroko lehenengo saria “Palencia con P” sariketan. Aire libre-koaz gain, baina, estudioko lan batekin ere izan du lorpenik. Izan ere, Madrilgo Museo Navalek antolatutako pintura lehiaketara aurkeztutako berrehun artistaren artean sei onenetan aukeratua izan zen Anton. Badu meritua gure herriko pintore autodidaktak.

DEBAKO ZUBIA ITXITA

Uztailaren 4an zubiaren zutabe batek behera egin zuenetik, Debako zubia itxita dago. Hortaz, uraz alde batekoak beste aldera joateko zubi berritik egin behar dute buelta oinez joanez gero.

​

Mutrikuko eta Debako Udalek teknikari gaituen bitartez zubiaren egoera aztertu eta soluzioak bilatzen diharduten bitartean, lehentasuna da Urazamendik auzoko bizilagunek Debara ailegatzeko erraztasunak ematea. Momentuz, Lurraldebusen linea guztiek Urazamendik auzoan geldiunea egingo dute. Autobus zerbitzu hori ordaindu beharraz kexu dira auzotarrak, baina gaia aztertzen eta lantzen dihardute udal arduradunek. Oinezkoak ibaiaren alde batetik bestera oinez igarotzeko behin behineko pasarela baten inguruan ere badabiltza. Kontu seguru bakarra, arazoa denboran luzatu egingo dela.

ARGAZKI LEHIAKETA
Ikusirik argazkigintza gero eta mutrikuar gehiagoren artean zabaldu dela, Udalak mutrikuarren arteko argazki lehiaketa antolatu du 2019 urteko egutegia egiteko asmoarekin. Helburua, 12 argazki aukeratzea urteko hamabi hilabeteak  irudikatzeko. Gainera, hamahirugarren argazki bat ere aukeratuko da azalerako. Parte hartu nahi dutenek gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dituzte, paperean A4 neurrian eta usb edo CD batean gordetako fitxategi digitalean 300 ppp bereizmenean, koloretan zein zuribeltzean, horizontalean, sinadurarik eta markarik gabe. Argazkiekin batera, argazkiaren titulua izango duen sobre itxi bat aurkeztuko da, barruan egilearen izen-abizenak,
NAN zenbakia, helbidea, telefonoa eta emaila adierazita.  Argazkiak urriaren 1etik 15era aurkeztu beharko dira udaletxeko sarreran. Argazki guztiak bilduta, Zabielen argazki erakusketa antolatuko da eta publikoak emandako botoei esker jakingo da zein argazki izango den egutegian azalean. Argazki aukeratu bakoitzari 80 euroko saria emango zaio. Lehiaketaren informazio osoa udlaren web orrian: www.mutriku.eus

MUTRIKUKO HIRUGARREN SEKTOREA INDARTZEN

Mutrikuko Udalak, Garapen Sailetik, formakuntza espezifiko bat antolatuko du Mutrikuko hirugarren sektoreari zuzenduta, batez ere merkataritza eta ostalaritzari zuzendua. Aurtengoa hirugarren urtea izango da, eta oraingoz, herriko 21 establezimenduk parte hartu dute.
Formakuntza honen helburua Mutrikuko saltokiek bere profesionalizazio maila handiagotzea da, saltokiak konpetitiboagoak izan daitezen. Horretarako formakuntza
espezifikoa jasoko dute, hainbat alorretan, hala nola, gestio ekonomikoa, politika komertziala, promozio egutegia, erosketa kudeaketa, zerbitzuaren kalitatea…
Horrez gain, ikastaroan parte hartzen duten negozioei, azterketa bat egingo zaie, bere egoera ikusi eta hobetze aldera ekintza plan bat garatzeko. Ekintzak ezartzen joateko on-line tutoretza zerbitzua izango dute prozesu guztiaren jarraipena izanik. 

bottom of page