ZIRIAKO ANDONEGI IPUIN LEHIAKETA
m i k r o i p u i n a k
2 0 1 9
Helduen mailako irabazlea
Unai Belaustegi Bedialauneta
Mutriku
SUA
Aitak txikitan oparitu zien fusilak ez zuen hutsik egiten.
Etxean ondo ikasi zutenez, ezkerreko hanka lurrean sendo zapaldua zeukan. Belauna trinko. Gerrikoa estututa eta alkandora barrutik sartuta. Kulata eskuineko sorbaldan gogor eutsita. Atzaparra katuan irmo. Txapel gorria buruan.
Bero gehiegi ematen zion txapelak, baina berandu zen kentzeko.
Kopetako izerdia malkoekin batu zitzaion.
Burua altxatu zuenean, anaiak baiezko keinua egin zion, hormatik.
Begiak itxi zituen. “¡He dicho fueegoo!”.
Gazte mailako irabazlea
Jane Arreitunandia Arrieta
Mutriku
ZUHAITZA
UdaberrIko argi izpiek eraginda irekitzen dira nire betazalak. Zapatak jantzi eta kanpora irten naiz, lorategirantz. Belarretan eseri naiz, goizeko ihintza sentituz behatzen artean. Freskotasunak barneratu nau, eta nire aurrean dagoen zuhaitzari begiratu diot. Zuhaitza, tinko, haize leunak hostoak laztantzen dizkion bitartean, udazkenaren zain dago; zain biluzik geratzeko. Baina ni jada biluzik nago, nahiz eta udaberria izan; nik ez dauzkat burua estaltzen zizkidaten ile kizkur horiek. Soil nago, baina barrua bizi-bizirik dut: Udaberriko txoriek piztu naute eta itxaropena dut, itxaropena zuhaitz atzean ezkutatzen den ospitaletik aldentzeko.
Mutrikuar onenari saria
Joakin Larrañaga Arkotxa
METAMORFOSIA
Aspaldian jasangaitza bilakatu zait soina. Sentimenduak zirimola ilunean biraka nabari ditut lehertze bidean, eta ikaskideen arteko erlazioek are zanpatuago sentiarazten naute, argi guztiak estaliz.
Agindutako Franz Kafka-ren “Itxura-aldaketa” irakurri baino, irentsi egin nuen bart, eta, goizean, ispiluaren aurrean, irria nabaritzera iritsi naiz. Ezberdina izan zait eguna.
Agur, Koldo! izan da entzun dudan azkena institututik etxeratzean. Garajera zuzenduz, motxilatik ateratako orrian hau idatzi dut: “Aita-ama eskerrak emandako guztiagatik. Maite zaituztet.” Eta txanpela langatik pasatuz, lakioa egin dut idunean, eta tenkatu. Zutik jarrita, belaunak tolestuz, irristatzen utzi dut nire gorputzaren zama leporaino, amets ilunean sartu arte, “Leire” esnatuko naizen esperantzarekin.