top of page

ZIRIAKO ANDONEGI IPUIN LEHIAKETA

m  i  k  r  o  i  p  u  i  n  a  k

2     0     2    1

Helduen mailako irabazlea

 

Anuska Tena Peña 

Mutriku

HAURREN BEGIRADA IRAKURTZEN IKASI ZUEN NESKA

​

Harrerako herrialdean dena zen desberdina; pertsonen itxura, hizkuntza… Azal koloreagatik epaituta sentitzen zen ama, alaba ez. Bertakoa ez izateagatik baztertuta sentitzen zen ama, alaba ez. Amak ezin zituen herrialde berriko hitzak irakurri, alabak bai ordea; irribarreak estalita zeuden garaian, haurren begiradetan irakurtzen zituen bihotzetatik ateratako mezuak, xamur-xamurrak.

 

Amak Birmaniara bueltatu nahi zuen, alabak aldiz ez. 

 

Aurrerago, alaba haurren begiraden esanahia itzultzen hasi zitzaionean, helduen begiradetatik desberdintzen hasi zen ama. 

 

Amak Birmaniara bueltatu nahi izan zuen alabak haurren begiak irakurtzen eraku-tsi zion arte; zoriontasuna, berdintasuna, etab. islatzen zutela ulertu zuen. 

 

Etorkizunean heldu guztien begiradetan berdina irakurriko duela sinesten du amak.

Mutrikuar onenari saria

 

Joakin Larrañaga Arkotxa

HARRIZKOA?

 

Diabolo baten hegaldiak apurtu zion aginte hatzaparra Koxmeri. Txurruka-zaleek, Nepomucenoren almirantea hala ikusirik, bizkor aurkitu zuten izendun eskultorea istripua konpontzeko. Hatzapar berria ezartzean, inor ez zen konturatu azazkal azpian egindako zuloaz.

 

Hego-haizeak jo bakoitzean, haserre ikusten zitzaion kale-garbitzaileari plazako galtzada-harrien gainean agertzen zen marmol-tanta arrasto gogorra kentzen. Zer ote?

 

Epel zegoen gaua Laxaro tabernatik zanbuluka irten zenean zerura begira etxerako bidea izarretan aurkitu asmoz. Biribil-biribil eta irtenak gelditu zitzaizkion begiak Koxmeren hatzapar konpondua zakil baten antzera luzatzen ikusi eta isurketa zurixka jaurti zuenean. Gertakaria kontatu arren, nork sinistu ordu txikietan balantzaka ibiltzen zenari?

 

Kale-garbitzailearen haserreak jarraitu zuten.

bottom of page